Noiz eman zenuen izena Etxebiden?
Duela 5 urte eman nuen izena Etxebiden; ikasketak bukatzen ari nituela, epe motzean nire kabuz bizitzera joateko asmoa neukan, baina, ikus dezakezunez, oraindik ere nire gurasoen etxean nago.
Orain irabazten dudan soldatarekin ez zait Bilbon etxe bat erosteko heltzen; hiriburuan erostea ezinezkoa da, eta askok inguruetan erostea gomendatzen didate, baina ez ezazu pentsa bertan egoera askoz hobeto dagoenik.
Ez al duzu etxebizitza bat alokatzeko aukeran pentsatu?
Bai, noski, baina egoera ez dago askoz hobeto. Etxe dezente xamar baten alokairua 450 euro inguruan kokatzen da, eta kantitate hori ere nire ahalmenetik gain dago.
Orain dela gutxi Etxebizitzako Sailak Etxebiden orain dela 4 edo urte gehiago izena eman zuten pertsonentzat kupo zehatz bat ezartzea erabaki du, zer iruditzen zaizu ekimen hau?
Zer iruditako zait, ba oso ondo; baina hala eta guztiz ere nire egoera berean dagoen pertsona asko dagoela uste dut, beraz, nahiz eta posibilitateak handitu, ez dut uste hainbeste aukera egongo denik.
Aurrera eramandako beste neurri batek ere sustapen pribatuak zozketa publikoen bitartez esleitzea exijitzen du, zer deritzozu?
Begira, hori bai iruditzen zaidala benetako neurri on bat, zeren eta jakin badakit sustapen pribatuetan nolabaiteko kontrol falta eta laguntasun asko zegoela. BOE bat eskuratzeko eskubide eta aukera berdinak denok eduki beharko genituzkeela uste dut, diskriminaziorik gabe.
Eta alokairu sozialari dagokionez, zein da zure iritzia?
Uste dut ondo dagoela, batez ere jende gazte askori etxebizitza bat eskuratzeko aukera irekitzen diolako ditugun diru-sarrerak oraindik nahiko baxuak diren momentu batean eta lan egonkortasunari buruz, hobe da ez hitz egitea.
Zein uste duzu izan daitekeela etxebizitzen prezioa jaisteko konponbidea?
Hori bai galdera zaila. Etxebizitzaren gaia oso korapilatsua da, baina uste dut prezioak ere maila horietan kokatzen direla norbait eskatzen diotena ordaintzeko prest dagoelako, betiko kontua.
Ni erabat harrituta gelditzen naiz ezagunen batek igogailu gabeko 60 metrotako etxebizitza bat antzinako 40 milioi pezetatan erosi duela esaten didanean; erokeria bat da, eta bikoteko bat ez dadila lanik gabe geratu, bestela akabo, etxea saldu eta ahaztu dezagun aurre egin ezin diezaiokegun 30 urteko hipoteka bat.
Ez zara oso baikorra.
Egia esan zure gurasoen etxetik behingoz irten nahi duzunean eta hori ezinezkoa bihurtzen denean duzun aurrekontuarekin heltzen ez zaizulako, egoera nahiko zaila egiten da; baina beno, noiz baiten ere niri tokatu beharko zait, ez al da hala?
2004ko Martxoan