Hemen zaude: Aurkezpena > Berriak

Krisialdiaren aurkako neurriak etxebizitza librearen arloan, ustegabeko langabezia-egoeren aurrean

Urt 19

Etxebizitzarako sarbidea ziurtatzeko eta sarbide horri eusteko lanaren esparruan, Etxebizitza Sailak, arlo horretan laguntzeko zenbait neurri berri abian jartzea pentsatu du, gaur egungo ekonomia- eta finantza-zailtasunak aintzat hartuta, behin etxebizitza bat eskuratu ondoren langabezia-egoeran erori diren pertsonentzat.

Funtsean, hiru neurri berri dira, krisiaren eraginez langabezia-egoeran ustegabean erori direnentzat, hau da, plantilla-murrizketen, Enpleguko Erregulazio Espedienteen, kaleratze kolektiboen eta gaur egungo egoeratik eratorritako arrazoi ekonomikoengatiko edozein lanpostu-amortizazioren eraginpean geratu diren guztientzat.

Neurri horien hartzaile izateko, jabeak edo maizterrak honako baldintza hauek guztiak bete beharko ditu 1) langabezia-egoeran egotea, neurriak eskatu baino hiru hilabete lehenagotik gutxienez, 2) jardunaren eraginpeko etxebizitza okupatzea, ohiko etxebizitza gisa, eta 4) 22.000 euroz azpiko diru-sarrerak eduki izana azken hamabi hilabeteetan:

1. ETXEBIZITZA LIBREA BERRIZ EROSTEA, ETXEBIZITZA BABESTU BIHURTZEA ETA JABE OHIAK MAIZTER GISA MANTENTZEA, EROSTEKO AUKERAREKIN.

Horretarako, honako baldintza hauek bete behar dira:

• Etxebizitza erosteko eskrituretan ageri den prezioa eta jardunaren eraginpeko hipoteka-maileguaren tronkoa 275.000 euroz azpikoa izatea.

• Etxebizitzaren jabea —hipotekatua alegia— bere etxebizitza prezio tasatu autonomikoko etxebizitza bihurtzeko prest egotea, kalifikazio iraunkorreko erregimenean.

• Finantza-erakundea amortizatzeke dagoen saldoaren gutxienez % 20ko kita egiteko prest egotea.

Hiru baldintza horiek betetzen badira, Etxebizitza Sailak etxebizitza erosiko du prezio tasatuko etxebizitza babestuaren prezioan —hipotekatuari dagokionez—, eta, aldi berean, hipoteka ezereztuko du —finantza-erakundeari dagokionez—. Etxebizitza babestu bihurtu ostean, Eusko Jaurlaritzak jabe ohiari alokatuko dio, errenta ezartzerakoan, etxebizitza babestuen gehienezko prezioei buruzko indarreko agindua aintzat hartuta. Eusko Jaurlaritzak amortizatzeke dagoen saldoaren % 80 ordainduko dio finantza-erakundeari. 220.000 eurorainoko gainerakoa, jabeari ordainduko dio, faseka eta alokairua ordaintzeko zatia kenduta.

Etxebizitza-esleipena alokairuan egiten da, edozein unetan egikari daitekeen erosteko aukerarekin, eta etxebizitza babestuaren indarrean dagoen gehieneko prezio eguneratuan betiere. Alokairu-kontratuak irauten duen bitartean errenta-kontzeptupean ordainduriko diru-kopuruen % 30 azken salmenta-prezioaren konturako aurrerakin gisa kenduko da.

Babes Ofizialeko Etxebizitzei ere aplikatzekoa izango da neurria, alde bakarrarekin, hots, erosketa-eskaintzak prezio ofizial osoa barnean hartzen duela, eta langabezia-egoeran dagoen jabeari beste etxebizitza bat eskainiko zaiola alokairu sozialean.

Erosketa-neurrira biltzeko, euren etxebizitza Eusko Jaurlaritzari salmentan eskaintzeko interesatuta daudenek (eta betiere deskribaturiko egoeran badaude) euren bankura jo ahalko dute euren egoera pertsonala programan ezarririko eskakizunetara egokitzen ote den kontsultatzeko. Bankuaren baimena idazki bidez daukatenean, salmenta-eskaintza Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoaren (BIZIGUNE) bidez egin beharko da.

2 urteko indarraldia izango du neurri horrek —2009 eta 2010—. Ez du arautzerik behar, eta, hortaz, berehala aplika daitekeen neurria da. Dena den, Etxebizitza Sailak 15 eguneko epea iragarri du bankuekin jardun-protokolo zehatz bat lantzeko.

2. BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZA BERRIZ EROSTEA ETA JABE OHIAK MAIZTER GISA MANTENTZEA

Aurreko neurriaren osagarri gisa, eta etxebizitza babestu baten titular guztiei laguntze aldera, Sailak erabaki du etxebizitza babestua erostea langabezian erori izanagatik euren hipoteka ordaintzeari aurre egin ezin dioten titularrei, eta alokairuko babes ofizialeko parkearen maizter bihur daitezen aukera eskaintzea.

2009. eta 2010. urteetan garatuko da neurri hori. Eskuraturiko etxebizitzak merkatuan sartuko dira berriz ere, eta itxaronzerrendan daudenei esleituko zaizkie.

3. ERRENTA MURRIZTEA ETXEBIZITZA LIBREAREN ALOKAIRUAN ETA ERRENTATZAILEAREKIKO KOBRANTZA BERMEA

Neurri honen bidez etxebizitza libreko errentatzaileei —betiere maizter bat langabezia-egoeran badute— planteatu ahalko zaie errenten ordainketaren kobrantza bermatua eta etxebizitza neurri honetara biltzeko unean zegoen egoera berean itzuliko dela, egungo errentaren gain % 30eko gutxieneko murrizketa onartzen bada.

Era berean, ordaindu beharreko errenta subentzionatuko zaio maizterrari, eta 450 € ordainduko ditu gehienez. Gainerakoa, hau da, egungo errentaren (% 30eko murrizketarekin) eta adierazitako 450 €-en arteko aldea, Etxebizitza Sailak subentzionatuko du.

Era berean, errentatzaileak ordura arte kobratzen zuen gehienezko errentak ezin izango du hileko 1.050 eurotik gorakoa izan.

Operatibari dagokionez, neurri hori BIZIGUNE programaren antzekoa da (4.000 etxebizitza baino gehiago mobilizatu ditu alokairu sozialerantz BIZIGUNE programak). BIZIGUNE programarekin alderatuz, neurri horrek bere kolektiboa zabaltzen du, ez hutsik dauden etxebizitzetara, baizik eta duela gutxi lanik gabe geratu diren eta, beraz, errenta ordaintzeko zailtasunak dituzten maizterrak dituzten etxebizitzetara.

Laguntza hori urtebeterako emango da, eta beste urtebetez berritu ahal izango da, hasierako laguntza jaso izanaren arrazoiak berriz egiaztatzen badira.

Hortaz, maizterrak ordaindu beharreko errenta, hasiera batean, 450 euro izango da, 12 edo gehienez 24 hilabetez ordaintzekoa. Hortik aurrera, eguneraturiko errentaren guztizko zenbatekoa ordaindu beharko du maizterrak (hasierakoa ken itundutako % 30).

Neurriak agindu arauemaile bat sortzea eskatzen du; gaur egun zirriborro-fasean dago agindu arauemaile hori eta hilabete eta erdiko epean azkenduta egongo da.

ONDORIOAK

Laburbilduz, hiru neurri berri horien helburua honako hau da: egungo krisialdiaren eraginez, langabezian dauden eta, beraz, merkatu librean etxebizitza bat lortzeak eskatzen duen ahaleginari aurre egin ezin dioten herritarrei laguntzea, babes publikoko baldintzak eta prezioak dituen etxebizitza bat lortuko dutela bermatuz.

Hortaz, hipoteka-betearazpeneko prozesuak eta langabeziak (eta beraz, erosteko ahalmenaren galerak) eragindako egoerengatiko kaleratzeak saihestera bideratuak daude batik bat neurri horiek guztiak.

Etxebizitza libreak erostearen kasuan, eraginpeko alderdi guztien onespenarekin (jabe hipotekatuarena, hipoteka eman duen finantza-erakundearena eta etxebizitza erosi duen eta hipotekaren likidatzailea den Eusko Jaurlaritzarena), banakako kasuen araberako jarduna gauzatuko da; hortaz, ez da arautzerik behar izango, eta neurria berehala aplikatuko da, erakundeekiko lankidetzari buruzko protokolo zehatz bat idazten ari bada ere.

Alokairu librearen kasuan, bada jada idatziriko Agindu-proiektu bat, gutxi gorabehera hilabete eta erdiko epean azkenduko dena eta neurri horietara biltzeko prozedura eta beharrezko eskakizunak arautuko dituena. Bizigune alokairuetarako gure sozietate publikoak kudeatuko du programa hori.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu Javier Madrazok argitu duenez, neurri horrek “alderdi guztien inplikazioa eskatzen du” eta kitak onar ditzaten eskatu die finantza-erakundeei “enpresa-porrotetan erabiltzen den ohiko sistemarekin, baina herritarrari aplikatuta”. “Gobernu Zentralak ezer egiten ez duelako esku hartu behar izan du Eusko Jaurlaritzak, orain arte ez baitu kontuan izan familien zorpetze-muga legez mugatzeko premia eta ez baitu konponbiderik eskaini, zorra geroratzea besterik ez, eta bide horretatik bankuek dirua irabazten jarraitzen dute eta herritarra gero eta itoagoa dago”. Madrazok adierazi duenez, “banka izan da gaur egungo egoera ekonomikoaren errudun nagusia eta oparoaldian izan duen jarrera arduragabea konpentsatu behar du”.

Harturiko neurriei buruzko iritzia eman nahi baduzu, atari honetako Inkestaren bitartez egin dezakezu.Zure ikuspuntua ezagutzea gustatuko litzaiguke.